Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Munduko Merkataritza Erakundea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Munduko Merkataritza Erakundea
World Trade Organization
Organisation mondiale du commerce
Organización Mundial del Comercio
WTO members.svg
Egoitza Geneva (Suitza)
Kideak 153 estatu
Idazkari Nagusia Pascal Lamy
Sorrera Erakundearen webgunea

Munduko Merkataritza Erakundea[1] (ingelesez: World Trade Organization edo WTO) nazioarteko salerosketak liberalizatzeko eta ikuskatzeko asmoa duen erakundea da. 1995eko urtarrilaren 1an sortuta, GATT (Tarifa eta Sal-erosketarako Akordio Orokorra) erakundearen ondorengoa da.

WTO ia maila global batean nazioen arteko merkataritza-legeez arduratzen da. Salerosketa hitzarmen berrien negoziatzea eta gauzatzea bere eginkizunak dira. Kide guztiek WTOko akordioekin bat egiten dutela ere ikuskatu behar du.

Ministro Batzarrak gobernatzen du WTO, bi urtez behin bildtzen delarik. Kontseilu Orokorrak, bestalde, egunez eguneko administrazioa eta Batzarraren erabakiak gauzatzen direla ditu bere ardurapean. Zuzendari Orokorra (gaur egun Pascal Lamy) Ministro Batzarrak izendatzen du.

Munduko Merkataritza Erakundeak Genevan du egoitza, Suitzan, eta ingelesa, frantsesa eta gaztelania dira haren hizkuntza ofizialak. MMEa ez da Nazio Batuen Erakundearen sistemaren parte, ezta Bretton Woodseko Batzarraren barruan sortutako beste erakundeen (Munduko Bankuan edo Nazioarteko Diru Funtsa) parte ere.

Historia

Muga Zergei eta Merkataritzari Buruzko Akordio Orokorra (ingelesezko GATT siglen bidez ezagunagoa dena) 1947ko urriaren 30ean sinatutako nazioarteko hitzarmen bat da. Nahiz eta hitzarmenaren testuan ez zen ezertarako ere erabakitzen inolako erakunde edo egitura instituzionala sortuko zenik, zenbait fikzio juridikotara jo zen Genevan egoitza izango zuen erakunde bat sortzeko, zeinean GATTeko partaideek bilerak egin, organo iraunkorrak sortu eta Zuzendari Nagusi bat buru zuen egitura administratibo bat eratu baitzuten.

1986an, GATTek deituriko biltzar oso garrantzitsu batek, Punta del Esten (Uruguai), adierazpen bat [1] onetsi zuen, zeinean negoziazio komertzialen erronda aldeaniztun bat prestatu baitzen, “Uruguaiko Erronda” izenarekin ezagutuko zena, nazioarteko merkataritzaren alorrean indarrean zeuden hainbat hitzarmen ordezkatu eta zabaltzeko.

Erronda hura 1993ra arte luzatu zen eta Marrakexen (Maroko) urte hartan egindako bilera batekin amaitu zen. Bertan, Errondaren "Bukaerako Akta" sinatu zen, bai eta hainbat arlori buruzko hitzarmen-multzo bat ere, “Munduko Merkataritza Erakundea sortzeko hitzarmena" [2], besteak beste. Une hartan adostuta geratu zen GATTen sorrerako xedapenak “1947ko GATT” izenaz ezagutuko zirela eta geroago erabakitako aldaketen ondoriozkoak, berriz, “1994ko GATT” izenaz.

Uruguaiko Errondak lehen aldiz ekarri zituen “merkataritza sistema aldeaniztunera” lehenago bazterrean utzitako hainbat gai, haietariko nagusiak zerbitzuen merkataritza, nekazaritza, ehungintza eta jabego intelektuala izanik.

2001. urtean Dohako Erronda egin zen, ofizialki Dohako Garapen-Agenda izenaz ezagutzen dena. Urte hartako azaroan Dohan, Qatarreko hiriburuan, egindako laugarren ministro-batzarrean hasi zen, helburu nagusitzat hartuz garapen bidean dauden herrialdeetara ere iristea mundu mailako merkataritzaren liberalizazioaren onurak, bai eta liberalizazio hori areago zabaltzea ere.

Egia esan, Errondaren hasieran baziren oraindik desadostasun batzuk MMEko kideen artean nekazaritzarako diru-laguntzei zegokienez, Uruguaiko Errondako helburuen betetze-faltagatik eta jabetza intelektualari buruzko zenbait auzirengatik; baina, hala ere, lasaitasun-mezua bidali nahi zitzaion nazioarteko komunitateari 2001eko irailaren 11n Estatu Batuek jasandako atentatu terroristen ondoren.

2005ean Hong Kongen, gutxieneko konpromiso batzuk lortu ziren garatutako herrialdeen nekazaritza-produktuen esportaziorako laguntzak kentzeari buruz. Aurrerapauso batzuk eman ziren dumpingaren gaian ere, oinarrizko agiri bat egitea lortu baitzen, nahiz eta oraindik zenbait desadostasun esanguratsu badauden.

Dohako Errondan adostutako lehen hitzarmen esanguratsua Merkataritza Errazteko Hitzarmena da. Hitzarmen honetan, Merkataritza Errazteko Prestaketa-Batzordea sortu zen, MMEko Kontseilu Orokorraren mende egongo zena, hitzarmena lehenbailehen indarrean sartzeko eta haren funtzionamendu eraginkorra bermatzeko. Hitzarmeneko xedapen baten arabera, garapen bidean zeuden herrialdeak ez zeuden behartuta beren konpromisoak betetzera, horretarako beharrezko gaitasunak lortu arte.

Hitzarmen hau aurrerapen esanguratsu bat izan zen, zeren, gaur egun, merkataritza-erraztasuna ezinbestekoa baita nazioarteko balio-kateen eginkizuna sustatzeko, kontuan izanik kate horiek gehienbat enpresa transnazionalek koordinatuta eta antolatuta daudela eta munduko merkataritzaren %80 inguru enpresa horien bitartez gauzatzen dela. Merkataritza errazteko politika hori, gainera, funtsezkoa da herrialdeen esportazio-lehiakortasunerako.

Egituraketa

Kideak eta behatzaileak

2016ko uztailaren 29an Afganistan kide bihurtu ondoren, gaur egun 164 kidek osatzen dute MMEa, baita behatzaile gisa dauden beste 20 naziok ere. Europar Batasuna ere MMEko kidea da, eta kide bakar baten modura jarduten du.

Egoitza

Esan bezala, MMEren egoitza Genevan dago (Suitza). Ministro Batzarra da haren organo nagusia, zeina aldizka batzartzen baita. Organo iraunkor nagusia Kontseilu Orokorra da, zeinean kide guztiak baitaude ordezkatuta. Kontseilu eta batzorde asko daude horren mende. Bestalde, idazkaritzak 640 bat funtzionario ditu, Zuzendari Nagusia izanik guztiaren buru. 2013tik, postu horretako egungo titularra Roberto Azevedo brasildarra da. MMEk 196 milioi franko suitzarreko aurrekontua du (2011ko datua).

Hitzarmenak bete beharra

MMEk 60 hitzarmen kudeatzen ditu. MMEn antolatutako sistemaren arabera, kideak hitzarmen guztiak betetzera behartuta daude, eta herrialdeek ezin dituzte soilik batzuk onartu. Horrek erakusten du hitzarmenen aldaketen inguruan negoziazio korapilatxuak izaten dituztela, hitzarmen guztiak nahitaez ezartzen baitituzte. Herrialde bakoitzak eskura ditzakeen abantailak edo jasan ditzakeen kalteen inguruko iritzi ezberdinak egon daitezke, beraz, adostasun orokorrera heldu behar dira (con equilibrios de extrema complejidad.)


Kritikak

Erakundeak berak aldarrikatutako helburuak merkataritza askea sustatzea eta hazkunde ekonomikoa bultzatzea izan arren, aditu frankok uste du, merkataritza aske global horren eraginez, aberatsak aberatsagoak eta txiroak txiroagoak direla. Munduko ekonomia bidezko moduan ez gidatzea ere leporatzen zaio WTOri, sistematikoki herrialde aberatsen eta korporazio multinazionalen alde eta herrialde txiroen kaltetan jokatzeagatik. Garatzeko bidean dauden herrialdeak ez dira WTOren hitzarmenez probestu. Bere nekazal-produktuak AEBetan eta Europan saltzeko dituzten oztopoak dira horren isla.

WTOn barnan erabakiak hartzeko sistemak ere kritikak jaso ditu, konplexua eta ezeraginkorra izateagatik eta herrialde guztien interesak maila berean ez zaintzeagatik. Gardentasuna gutxien gorde duen nazioarteko erakundea dela ere argudiatu dute. Beste kritika batzuek ingurumena eta lan-baldintza duinen arloetan WTOk ez ikusiarena egin duela aldarrikatzen dute.

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Munduko Merkataritza Erakundea Aldatu lotura Wikidatan